Publicada el Friday, 23 de December de 2016

Onetsita Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen aldaketa partziala

Argi eta garbi adierazten da etxebizitzen salerosketan saltzaileari dagokiola gainbalioa eta itzaleko bidesaria duten autobiek lurraren kontribuzioa ordaindu behar dutela

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi du, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko bozekin, eta UPN, PSN, ETA PPNren abstentzioekin, Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen aldaketa.

Legeak aldaketak egin ditu hirilurren balio igoeraren gaineko zergan eta jarduera ekonomikoen gaineko zergan, eguneratu egin ditu trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren tarifak, eta berretsi egin du, arauaren idazketan zeuden anbiguotasunak ezabatuz, lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren mende daudela itzaleko bidesaria duten autobiak.

Hirilurren balio igoeraren gaineko zergari dagokionez, argi jaso da saltzaileak bere gain hartu behar duela gainbalioaren ordainketa etxebizitzen salerosketa-kontratuetan, saltzailea Espainian bizi ez den pertsona fisikoa denean salbu. Horrela, saltzailearen ordez eroslea zergadun izateko aukera kenduta, aipatutako tasaren ordainketa eroslearen gain uzteko ohiko praktika desagerrarazi nahi da, ez baitagokio berari.

Legeak bigarren salbuespen bat jaso du, eta, horren arabera, gainbalioa ez zaio higiezinaren jabeari egokituko, beti ere, ohiko bizilekua badu hori eta finantza-erakunde batek bereganatzen badu hipoteka-zor baten ondorioz.

Hala ere, kasu hauetako baten ondoriozkoa izan beharko da transakzioa: finantza-erakunde batek eskatutako prozedura judizial baten ondoriozkoa; notario bidez eta judiziotik kanpo egindako salmenta baten ondoriozkoa, Hipoteka Legearen 129. artikuluarekin bat eginez; emate baten ondoriozkoa, beti ere, hipoteka betearazteko prozesuaren ordezko neurri gisa, hipoteka-zordunaren eta finantza-erakundearen arteko hitzarmenetan baldin badu jatorria; edo gainerako etxebizitza-transmisioen ondoriozkoa, finantza-erakunde hartzekodun baten, horren higiezinen filialen edo Kreditu Entitateak Berregituratzeko eta Desegiteko azaroaren 14ko 9/2012 Legean zehaztutako aktiboak kudeatzeko elkarteen aldekoak badira transmisioak.

Jarduera ekonomikoen gaineko zergari dagokionez, aitortu gabeko zerga-egitateen ikuskapena Gobernuaren eta udalen artean partekatutako eskumena izanen dela jaso da.

Aldi berean, gardentasunaren aldeko apustua egin da, eraginkorragoa eginez erregistroaren publikotasuna. Gainera, zerga-iruzurraren eta ezkutuko ekonomiaren aurkako borrokan eraginkortasuna areagotze aldera, erregistroa Internet bidez kontsultatu ahalko da.

Bestalde, itzaleko bidesaria duten autobiei dagokienez, horrelakoak lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren ordainketari atxikita daudela berretsi da, idazketa zehatzagoaren bidez.

Arauak. azkenik, eguneratu egin ditu trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren tarifak.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru Lege proiektua (128. NPAO, 2016-11-03koa)
• Zuzenketak (138. NPAO, 2016-11-23koa)
• Irizpena (151. NPAO, 2016-12-15(e)koa)