Publicada el Thursday, 19 de May de 2016

Nafarroako Arartekoak 2015eko urteko txostena aurkeztu du Osoko Bilkuran

Enérizek egiaztatu du Administrazio "oso estandarizatu bat daukagula, egoera pertsonal, urgentziazko eta apartekoei erantzun egokia emateko gai ez dena"

Nafarroako Ararteko Javier Enérizek Osoko Bilkuran aurkeztu du gaur 2015eko urteko txostena, non 2.791 jarduketa jasotzen baitira, 2014an baino 1.238 gutxiago; hau da, % 31ko jaitsiera gertatu da.

2015ean zehar egindako lan handiak aukera eman du Nafarroako administrazio publikoei helarazteko 104 iradokizun, 338 gomendio eta legezko betebeharren 86 gogorarazpen (guztira, 560 erabaki). Hori guztia izan da 7.933 herritarrek erakunde honengana jotzearen emaitza; besteak beste, 1.193 kontsulta egin dira eta 1.546 kexa aurkeztu dira (972 espediente eragin dituzte); azken horietatik, % 84,2 izapidetzeko onartu dira eta % 81,9 oinarririk badutela jo da. 652 ikerketa egin dira: horietatik 607 jasotako kexek eragindakoak dira; 31 ofizioz aurkeztu dira; 11 herritarrek proposatutakoak izan dira, eta 3 egindako txostenen ondoriozkoak izan dira.

Herritarren kexa gehien jaso diren hamar arloak honako hauek izan dira, hurrenkeran: euskara, trafikoa, enplegu publikoa eskuratzea, gizarte ongizatea, funtzio publikoa, hezkuntza, osasuna, ingurumena, ogasuna, hirigintza eta etxebizitza.

Arlo horietako lehenengoari, euskarari, dagokionez, 610 kexa aurkeztu ziren. Horien artean, nabarmentzekoa da 592 kexatan eskatu zela Etxarri Aranatzen ematen diren osasun zerbitzuak koofiziala den beste hizkuntza horretan ere eman dakizkiela hala nahi dutenei.

Bigarren tokian, trafikoari buruzko kexak daude: 188 dira. Horietatik, 146 kexa Nafarroako Trafiko-buruzagitzan gidabaimena lortzeko aztertzaile gutxi izateari buruzkoak eta azterketa horiek egiteko gehiegi geroratzeari buruzkoak dira.

Hirugarren tokian daude enplegu publiko bat eskuratzearekin lotutako kexak, gehien bat honako hauei lotuak: aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenden kudeaketa, eta Hezkuntza Departamentuak ingeleseko C1 maila maisu-maistren kidegorako irakasleen oposizioetan parte hartzeko baldintza gisa eskatzearen aurkakoak.

Laugarren tokian, gizarte-ongizatearen, gizarte gaien edo gizarte eskubideen inguruko kexak daude: gehienak haurren eta nerabeen eta adineko pertsonen babesarekin lotuta daude. Halaber, gizarteratze errentari buruzko kexak aurkezten jarraitu da, zeren eta “Administrazio batzuek jarraitzen baitute ahazten haien izaera bahiezina dela”, bai eta desgaitasuna duten pertsonen babesari buruzkoak ere.

Bosgarren tokian funtzio publikoarekin lotutako kexak dira. Funtsean, zenbait osagarri ez aitortzeari eta ez ordaintzeari buruzkoak izan dira, bai eta Nafarroako administrazio publikoetako montepioetako funtzionarioak Osasun Sistema Nazionalean sartzeari buruzko desadostasuna agertzekoak ere.

Kexa kopuruaren arabera, seigarren gaia hezkuntzarekin lotutakoa da. Arlo horretakoen artean, honako hauek dira nabarmentzekoak: hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen arreta; eskolako bizikidetasuna dela-eta ezarritako diziplina-zehapenak; eta ikasteko, garraiorako edo egoitzarako bekak ukatzea.

Halaber, aipatzekoa da gurasoen talde batek adierazitako desadostasuna, Sarrigurengo ikastetxe publikoko zuzendaritzak instalazio berrietan, Haur Hezkuntzako bigarren mailako taldeetan, datorren ikasturterako egindako banaketa dela eta, zeren eta uste baitute martxa arrunta oztopatzen duela eta ez duela ikasleen segurtasun fisikoa bermatzen. Kexa hori dela eta, 4.142 sinadura aurkeztu ziren change.org plataformaren bitartez.

Osasunaren arloan, nabarmentzekoak dira itxarote-zerrendei buruzko kexak (batez ere, traumatologiarekin lotutakoak), bai eta jasotako arreta klinikoa dela-eta desadostasuna adieraztekoak ere.

Ingurumena dela eta, nagusi dira gisa askotako jarduerek sortutako zaraten ingurukoak, eta, bereziki, etxebizitzetan pairatzen diren eragozpenak, gazteen etxabeek eta ostalaritza-negozioek eragindako kutsadura akustikoaren ondoriozkoak. Halaber, hondakinei eta ingurumenari buruzko informazioa ukatzeari buruzko kexak aurkeztu dira, bai eta herritarren parte-hartzea mugatzeari buruzkoak ere.

Bederatzigarren tokian, Ogasunaren arloarekin lotutako kexak daude. Nafarroako Foru Ogasunaren zergei buruzko kexak izan dira nagusiki (batez ere, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarekin lotutakoak), bai eta hiri-kontribuzioak gora egin izanari buruzkoak ere, katastro-balioen aldaketaren ondoren.

Hamargarren gaia hirigintzarena da, non nabarmentzekoak baitira herritarrek salatutako balizko ez-betetzeen aurrean udalek, neurriak hartzeari dagokionez, ezer ez egiteari buruzko kexak; eta, bestetik, jabe batzuek adierazitako desadostasuna, beraiengan eragina duten antolamenduko zenbait erabaki hartu izateagatik.

Hamaikagarren tokian, etxebizitzaren arloa dago. Horren inguruko kexak, gehien bat, etxebizitza erosteko edo errentan hartzeko laguntzak ukatzeari buruzkoak izan dira. Horien artean, nabarmentzekoa da zenbait herritarrek adierazitako desadostasuna, babes ofizialeko etxebizitza bat erosteko diru-laguntza bati dagokion kopurua itzultzeko erreklamatu baitzaie. Diru-laguntza, ordea, ez zitzaien kexa-egileei zuzenean ordaindu, baizik eta etxebizitzaren sustatzaileari.

Kexak aztertuta, 320 ebazpen eman dira, 2014an baino 6 gutxiago hain zuzen ere. Arartekoaren erabakien onarpen maila % 62,3koa da (2013an baino 8 puntu gutxiago), aurreko ekitaldian gertatutakoaren ildotik; izan ere, aurreko ekitaldia izan zen errefusa gehien gertatu diren ekitaldia.

Kontsultei, dagokienez, gizarte ongizatearen arlokoak nagusitu dira. Zehazki, honakoei buruzkoak izan dira: adingabeen babesa, gizarteratze errenta eta adineko pertsonak zentro eta egoitzetan sartzea eta haietan egoteko baldintzak. Osasunaren arloko kexak, itxarote-zerrendei buruzkoak eta emandako osasun laguntzarekin ados ez egoteari buruzkoak izan dira. Ogasunaren arlokoak Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen zergei buruzkoak izan dira. Halaber, aipatzen diren hurrenkeran, honako gai hauei buruzko kexak ere aurkeztu dira: hezkuntza, hirigintza, eskubideen bermea (erantzun bat jasotzek eskubidea, informazioa eskuratzea, gardentasuna eta abar), justizia, ingurumena eta kontsumoa.

Bestalde, herritarren 6 hobekuntza-proposamen jaso dira (jada 287 dira duela zazpi urte ekimen hori abian jarri zenetik): gehienak etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriei buruzkoak eta amatasunerako, familia eta lana bateragarri egiteko eta desgaitasunerako laguntzei buruzkoak dira.

Azkenik, joan den urtean kexen, kontsulten, ofiziozko jarduketen, hobekuntza-proposamenen eta txosten berezien bitartez garatutako jardueraren multzoari begiratuta, ondoriozta daiteke, Javier Enériz Arartekoak dioen bezala, “administrazio oso estandarizatu bat daukagu, egoera pertsonal, urgentziazko edo apartekoei erantzuna emateko gai ez dena; izan ere, herritarren asmoei ezezkoa ematen ohituta dago, honakoen moduko argudio ahulak erabiliz: justifikatu gabeko tratu desberdina edo prebarikazio arriskua”.

Bestalde, Enérizek egiaztatzen du “kexa-kopuruari begiratuta, euskara, trafikoa eta enplegu publikorako sarbidea arloek jarraitzen dutela izaten herritarren erreklamazio gehien hartzen dituztenak. Espediente- eta kontsulta-kopuruari begiratuta, enplegu publikoa eta gizarte ongizatea arloek jarraitzen dute izaten interes handiena biltzen dutenak. Horretan guztian, ez dago berritasun handirik”.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa da, Parlamentuaren aginduz, herritarren eskubideen eta askatasun publikoen errespetua eta hobekuntza zaintzen dituena, eta xede horrekin gainbegiratzen du Nafarroako administrazio publiko guztien jarduketa.