Publicada el Thursday, 10 de December de 2015

Nafarroako Gobernua gaztelaniako eta Ingelesez Ikasteko Programako beharrizanak betetzen dituen lan-eskaintza bat egin dezan premiatu dute

"Euskararen eta gaztelaniaren artean egiazko oreka" gordeko duena, "plazak hizkuntzen arabera" aterako dituena eta "epaimahaiak eta hizkuntzen eta espezialitateen arabera ezberdindutako kontratazio-zerrendak" izango dituena

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, PSNk, PPNk eta I-Ek haren alde eman dituzten botoekin, Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin eta Geroa Bai-k eta EH Bildu-k haren aurka eman dituzten botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “hartu beharreko neurriak har ditzan, egiten duen lan-eskaintza publikoan bete daitezen gaztelaniazko ereduko eta Ingelesez Ikasteko Programako irakasle-beharrizanak”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du, EH Bildu-k haren aurka eman duen botoarekin onetsi denak, non Nafarroako Gobernua premiatzen den “behar adina baliabide bidera dezan eta neurri egokiak har ditzan irakasleek beharrezkoa duten prestakuntzarekin jarraitu ahal izateko eta, besteak beste, beren borondateari jarraikiz ingelesezko C1 maila lortu nahi duten irakasleek maila hori lortu ahal izan dezaten”. UPN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-E taldeak haren alde agertu dira.

Izquierda-Ezkerrak hala eskatuta hirugarren idatz-zati bat gehitu da, zertarako eta “2016rako aurreikusita dagoen maisu-maistren kidegoan sartzeko lan eskaintza publikoak dituen 320 lanpostuak mantentzeko, plazen banaketa aldatuta halako moduz non, eredu linguistiko eta espezialitateen arabera ordenatuta, beharrizanen, enpleguaren egonkortasunaren eta funtzio publikoan sartzerakoan parekotasunaren irizpideei jarraituko dien”. UPNk, Podemos-Ahal Duguk, PSNk, PPNk eta I-Ek haren alde bozkatu dute, Geroa Bai-k eta EH Bildu-k ordea haren aurka egin dute.

Zioen azalpenean, UPNk bultzatu duen ebazpenak sindikatu profesionalen maisu-maistren kidegoan sartzeko lan eskaintza publikoari egin dizkioten kritikak bere egiten ditu. Izan ere, Hezkuntza Departamentuak azaroaren hasieran Mahai Sektorialean aurkeztu zuen eskaintzak euskaraz 228 plaza ditu eta gaztelaniaz “soilik” 92.

Ildo horretan, ikuskarien kidegoari dagokionez (7 plaza euskaraz eta 7 gaztelaniaz), “alde horrek ez duela justifikaziorik, alderdikoia dela eta gardentasun falta” dagoela esan du eta Gobernuari egotzi dio “Nafarroak egiaz dituen hezkuntza-beharrizanak proiektu ideologiko abertzalearen mende jartzea”.

Horregatik, Parlamentuak onetsi zuen Adierazpen Instituzionalean jasotzen den moduan, lan eskaintza publikoak orain jasotzen dituen baldintzetan bazter uztea eta beste batekin ordezkatu dadin eskatzen du, zeinak “euskararen eta gaztelaniaren artean egiazko oreka” gordeko duen, “plazak hizkuntzen arabera” aterako dituen eta “epaimahaiak eta hizkuntzen eta espezialitateen arabera ezberdindutako kontratazio-zerrendak” izango dituen.

Proposatu duen taldearen ustez, 276/2007 Errege Dekretuak “erraztasunik ematen ez badu ere, ez du inola ere eragozten atzerriko hizkuntzetan gaitasun linguistikoak dituzten irakasleak hezkuntza-sisteman sartzea xede duten neurriak hartzea”.

Orain arte Ingelesez Ikasteko Programari egin zaizkion ebaluazioei dagokienez, “emaitza hobeagoei” buruz hitz egiten da, eta hortaz baieztatzen da “etorkizuna duen apustu bat” dela, “ikastetxe publikoak akuilatzeko balio izan duena, programaren hedadurak erakusten duen moduan, ikastetxearen kokalekua eta familien erosahalmena zein den ere”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 37. zk., 2015-12-02koa)