Publicada el Thursday, 27 de November de 2014

Sozialistek zerga-araudia aldatzeko aurkeztu duten proposamena aintzat hartzea onetsi dute

Errenta ertain eta baxuen tasak 2011ko mailetara itzultzea, Ondarean salbuetsitako gutxienekoa 800.000ra igotzea eta Sozietateen tasa orokorra murriztea proposatzen zen

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, Socialistas de Navarra taldeak eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, Izquierda-Ezkerrak eta atxiki gabekoek haren aurka eman dituzten botoekin, PFEZren, Sozietateen eta Ondarearen gaineko zergak aldatzea aintzat hartzea onetsi du gaur. Neurri horiek “jarduera ekonomikoa suspertzeko” proposatu dira eta “hein batean” ordezkatu nahi dute Nafarroako Gobernuak proposatu zuen eta porrot egin duen zerga erreforma, izan ere, proiektuak UPNren eta PPNren babesa jaso zuen soilik eta urriaren 9ko saioan itzuli zen.


Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatu duen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) aldatzeko lege proposamenak errenta guztien tasak murriztea proposatzen du, bereziki errenta baxu eta ertainenak, eta 2011ko mailetara itzultzea. Gainera, eskala % 3 deflatatzen da, inflazioak zerga-karga handitu ez dezan.


Errenta altuen kasuan, zerga-tasa maximoa (300.000 eurotik aurrera) % 52tik % 48ra murrizten da, Gobernuak porrot egin duen zerga erreforman 2016rako proposatzen duena (% 48,5 2015ean) baino bi puntu gehiago eta atxiki gabekoek proposatzen zutena (49 %) baino puntu bat gutxiago. Azken horien lege proposamenak ere errenta baxu eta ertainentzat 2011ko zergak berreskuratzearen alde egiten zuen, baina “diru bilketa galdu gabe”. Alabaina, UPNk, SNk, PPNk eta I-Ek haren aurka eman dituzten botoekin, Bildu-ren eta Aralar-Nabairen abstentzioekin eta proposatu duen taldearen babesarekin bazter geratu da.


Sozialistek aurrezkiaren tributazioari buruz proposatu dutenari dagokionez, lehenengo 6.000 euroek bi puntu gutxiago kotizatuko dute (% 20tik % 18ra murrizten da, Gobernuak proposatzen zuena baino puntu bat gehiago), 12.000 euro arteko bitarteko eskala bat ezartzen da, zeina % 22an zergapetuko den eta hortik aurrera tasa % 24koa izango den, Nafarroako Gobernuak bazter geratu den erreforman proposatzen zuen moduan.


I-Eren proposamenak, bozketaren aurretik bazter utzi denak, PFEZren tasak soilik 30.000tik beherako errentei gutxitzea proposatzen zuen, 2011ko zenbatekoetara itzuliz. Diru-bilketa galerak konpentsatzeko, I-Ek banku gordailuen gaineko zerga % 0,03tik %0,3ra handitzea proposatzen zuen. Proposamena bazter geratu da UPNk, SNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin, atxiki gabekoen abstentzioarekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek haren alde eman dituzten botoekin.


Sozietateen gaineko Zerga aldatzeari buruzko lege proposamenak, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatu duenak, tasa orokorra % 30etik % 27ra murrizten du 2015erako eta % 24 2016rako. Enpresa ertainena 2015ean % 26an geratzen da eta hurrengo urtean % 24ean. Milioi bat euro baino gutxiago fakturatzen dituzten ETEek % 19an tributatuko dute. Gainera, enpresei % 10eko zorua ezartzen zaie, % 7koa izango dena enplegua sortzen bada. Aldi berean, enplegua sortzeagatik, ikus-entzunezkoak ekoizteagatik eta biomasako instalazio termikoetan inbertitzeagatik murrizketak aurreikusten dira. Familiako enpresen aktiboengatiko murrizketa murrizketa bihurtzen da.


Bazter geratu zen Gobernuaren proposamenari dagokionez, % 20ko tasa bakarra eta % 10eko zorua ezartzen zuen (% 8rainokoa I+G+Bn inbertitzeagatik edo enplegu mugagabea sortzeagatik) eta jarraikortasuna ematen zion enpresen tamainaren araberako zergapetzeari (handiak % 30, ertainak % 25 eta txikienak % 20).


Atxiki gabekoen proposamenak, UPNk, SNk, PPNk eta I-Ek haren aurka eman dituzten botoekin eta Bildu-ren eta Aralar-Nabairen abstentzioekin bazter geratu denak, proposatzen zuen PFEZren kasuan moduan, “inguruko zergapetzeekin parekatzea”, bi tasa mantenduta, bata enpresa handientzat % 28ra eta bestea, % 21 eta 24aren arteko eskala jarraikor eta malgua izango duena, enpresa ertain eta txikientzat. Halaber, % 13ko zorua ezartzen zen, % 10era iritsi litekeena, enplegua sortzeagatik. Kasu horretan, “inbertsioa sustatzeko mekanismoak” jasotzen ziren, kalitateko lanpostuak sustatzen dituen enpleguagatiko murrizketekin.


Ondarearen gaineko Zerga aldatzen duen lege proposamena ere Socialistas de Navarra taldeak bultzatu du. Salbuetsitako gutxienekoa 311.023tik 800.000 eurora igotzen du (Gobernuak proposatu zuena baino 200.000 gutxiago), tarifa % 20 murriztuz. Oroitarazi beharra dago 2012ko abenduan Parlamentuak salbuetsitako gutxienekoa 700.000 eurotik 311.023 eurora murriztea adostu zuela, ohiko etxebizitza 250.000 euro arte libre mantenduta.


Bildu-k eta Aralar-Nabaik sinatu duten lege proposamenak salbuetsitako gutxienekoa 500.000 eurora igotzea defendatzen zuen, era horretan zerga babesa murriztuta “jarduera espekulatzailea ez bultzatzeko, dirutza handiek tributuei ihes egitea saihestuta”. Alabaina, herri ondareen betebeharrak leuntzen ziren. UPNk, SNk, PPNk eta atxiki gabekoek haren aurka eman dituzten botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek haren alde eman dituzten botoekin bazter geratu da.


Atxiki gabekoen lege proposamenak salbuetsitako gutxienekoa 550.000 eurora igotzearen alde egiten zuen. Haien babesa besterik ez du jaso eta UPNk, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, PPNk eta I-Ek haren aurka eman dituzten botoekin bazter geratu da.


Ondorengotza eta dohaintza

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek haren alde eman dituzten botoekin, atxiki gabekoek aurkeztu duten Ondorengotza eta Dohaintzen gaineko Zerga aldatzen duen lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi du.


Aldaketak teknikoak ziren eta Nafarroako Ogasunarentzat “kaltegarriak diren jokabideak saihestea” zuten helburu. Horretarako zergapetutako ondarea handitzean barne hartutako ondasun eta eskubideen egiazko balioa (irabazkinaren egunean) aitorpenean edo autokitapenean ez aipatzea tributu-urratze sinple gisa gehituko da.


Testuinguru horretan, aitortutako balioa Ogasunak frogatutakoa baino handiagoa bada beti lehenengoa nagusituko dela dioen arau automatikoa baliogabetu nahi zen. Arau hori “antza denez Ogasunaren aldekoa” da eta “tributuetan distortsioak eta saihesteak” eragiten ditu, “batez ere PFEZn, gehien bat ondare handitzea salbuetsita dagoen kasuetan”.


Horregatik, ondoren eskualdatzeko oinordetzan hartutako edo dohaintzan emandako ondasunari balio askoz handiagoa esleitzeko joera saiheste aldera, automatismo hori ezabatzea proposatzen zen, baina “soilik aitortutako balioa frogatutakoa baino % 50 handiagoa bada”. Kasu horretan, ondorengotza eta dohaintzaren gaineko zerga PFEZn “soberan” konpentsatuko zen, jasotako ondasuna dohain bidez eskuratu ondoren eskualdatzekotan.


Halaber, Parlamentuko Osoko Bilkurak, kasu honetan ere UPNk, SNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek haren alde eman dituzten botoekin, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi du; hori ere atxiki gabekoek aurkeztu dute.


Lege proposamenak deialdietako prozeduretan ematen diren zenbait arazo zuzendu nahi zituen; kontabilitatearekin zerikusia duten alderdietan Fundazioak arautzen dituen legea aldatzea, aldi berean, nagusiek fundazioan zerbitzuak betetzeagatik ordainsariak jasotzeko aukera emanez. Azkenik, kooperatibei buruzko legea aldatu nahi zuen, tributu-tasari dagokionean, haiek aurkeztu duten Sozietateen gaineko Zergari buruzko lege proposamenean adierazten zutenari jarraiki.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 117. zk., 2014-10-31koa)