Publicada el Friday, 27 de June de 2014

Presidenteak Javier Murori, terrorismoaren biktimak gogoratzeko egindako arte lehiaketaren irabazleari, harrera egin dio

'Hirugarren Atea' artelan saritua gauzatzeko kontratua sinatu dute eta azaroaren 21erako amaituta egongo dela hitz eman dute

Gaur, Alberto Catalánek Javier Muro eskultore iruindarrari harrera egin dio. Eskultorearen Hirugarren Atea lanak, terrorismoaren biktimak gogoratzeko artelan plastiko bat egiteko ideien lehiaketaren saria irabazi du. Biek artelana gauzatzeko kontratua sinatu dute eta azaroaren 21erako amaituta egongo dela aurreikusi dute.

Epai-mahaiaren erabakia joan den ostiralean, 27an, jakinarazi zen, Terrorismoaren Biktimak Gogoratzeko eta Omentzeko Egunaren harira antolatutako ekitaldian. Saria 2.000 eurok eta saritutako lana gauzatzeko kontratuak osatzen dute. Artelana aurkeztutako proiektuari jarraiki egin beharko du, eta horretarako, gehienez 16.000 euroko aurrekontua (gehi BEZ) izango du.

Epaimahaiak lanaren mezu “filosofiko kontzeptuala” eta horren “adierazgarritasun sotila” azpimarratu zuen: Mezuak “arte zein kontzeptu gisa luze iraungo du eta terrorismoaren ondorioz bizia galdu duten pertsona guztiei nafar gizarteak egiten dien aitorpenari buruzko gogoetan harrapatzen eta murgiltzen” ditu bisitariak.

Horren harira, Javier Murok bere “poztasuna” agertu du, etxean sari bat irabazteagatik, baina are gehiago, epaile guztien “adostasunarengatik”, batez ere eraikinaren arkitektoa mahaikideen artean zegoelako. “Jakina da arkitektoak euren lanekin oso arduratsuak direla, beraz, bere oniritzia izateak, hark nire lana eraikinaren idiosinkrasiarekin bat datorrela pentsatzeak, are gehiago pozten nau”.

Hauxe adierazi du bere artelanaren esanahiari buruz: “hirugarren ate bat izan nahi du, falta direnen, gela honetan ordezkatuta egon ezin direnen, oroigarri bat. Mezu hori xafla zimurtu eta landuaren bitartez transmititzen saiatu naiz, bonba-auto baten hondarren bitartez. Zati landuak norberaren irudia islatzen du eta zimurtuak, ordea, norberaren irudi desitxuratua. Biolentziaren garai zentzugabe horri, guztiok espiral horren eragina sufritzen genuen garaiari, egindako keinu bat da”.

Javier Murok, 46 urteko iruindarrak, hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, Nafarroako Eskultura Saria, Caja Espainiako Nazioarteko Eskultura Saria eta Caja Madrileko Saria. Fuerte del Príncipe eskulturaz gain, lan publikoak ere egin ditu, hala nola, Iruñeko NUPeko kanpusean, Bertizen, Madrilen, Hego Korean eta Santiagon (Txile). Hainbat erakunde edo bilduma pribatuentzat ere lanak sortu ditu (Nafarroako Museoarentzat, Iruñeko Udalarentzat edo Errege-etxearentzat, besteak beste).

Alberto Catalán izan da epaimahaiko presidentea. Gainera, honako mahaikideak bildu dira: Samuel Caro Sádaba, Nafarroako Parlamentuko lehenengo presidenteordea; Maite Esporrín Las Heras, Nafarroako Parlamentuko idazkari nagusia; María Caballero Martínez, Tomás Caballero Fundazioaren ordezkaria; M.ª Mar Blanco Garrido, Terrorismoaren Biktimen Fundazioaren presidentea; Mariano González Presencio, Arkitektua; Mercedes Jover Hernando, Nafarroako Museoko zuzendaria; Javier Briongos Ibáñez, Castel Ruiz-eko zuzendaria eta Tuterako Muñoz Sola Museoko arduraduna eta Javier Manzanos Garayoa, Uharteko Arte Garaikideko Zentroko zuzendaria. Epaimahaian, idazkaritza lanetarako Miguel Esparza Orozen, Ganberako letradun nagusiaren, laguntza izan dute.