Publicada el Donnerstag, 24 de November de 2016

Nafarroako elkarbizitzan kulturak integratzearen alde agertu da Gobernua

EH Bilduren jabeldura bati erantzunez, non "jarraitutasuna" aipatzen baita eta "Nafarroako benetako aniztasunarekin bat datorren politika zehatza" eskatzen

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, Ana Ollok, Nafarroan elkarrekin dauden kultura desberdinen integrazioaren alde bere Gobernuak egiten duen lana defendatu du, esanez Gobernuak kolektiboen arteko eskola- eta jarduera-programak antolatzen dituela bizikidetasun normalaren bila.

Kontseilariak horrela erantzun dio EH Bilduk Kontroleko Osoko Bilkuran egindako jabeldura bati, non galdetu baita zer politika erabiltzen dituen Gobernuak bizikidetasuna bultzatzeko eta aniztasuna errespetatzeko, aniztasuna "kohesiorako elementu” bihurtu eta, horrela, elkarren ezagutza eta aintzatespena sustatze aldera.

Horri dagokionez, Ollok adierazi du Gobernuak Eskubide Sozialetako eta Herritarrekiko Harremanetako departamentuen bidez diharduela. "Lehen minututik ari gara lanean", esan du, Gobernuak "gizarte kohesionatuagoa" lortzen laguntzeko behinola bere gain hartu zuen "konpromisoa" dela eta.

Nafarroako gizartea "oso aktibo eta engaiatua" bada ere, "mesfidantza eta bereizkeria gertatzen dira oraindik ere lan eta gizarte arloetako zenbait esparrutan", eta horregatik Foru Gobernua "kulturen integrazioaren inguruko arazoei aurrea hartzeko eta irtenbidea emateko" jarduten du, "bakearen kultura hori lortu nahian".

Galdegilea, Asun Fernandez de Garaialde (EH Bildu parlamentu-taldea), kritiko samar agertu da bere taldeak sostengatzen duen Gobernua arlo horretan egiten ari den lanarekin. Beraren ustez "ez dago politika zehatzik" eta jarraipena ematen ari zaie aurreko legegintzaldiko hondarrei, "kontuan hartu gabe nolakoa den aniztasunaren benetako errealitatea Nafarroan".

Politika horietan euskararen falta ere nabaritzen dela esan du, eta beraren taldeak esparru horretan darabilen kontzeptua definitu du, alegia, "Nafarroa aniztasun horretatik abiatuta eraikitzea, inor baztertu gabe eta inork bere jatorriari uko egin beharrik izan gabe", baina deitoratu egin du ez edukitzea "ez subiranotasunik ez tresnarik" hori guztia Nafarroako herritartasunean oinarrituta eratzeko.

"Politika asimilazionistetatik herritar guztientzako kultura-aniztasuneko politika barnebiltzaileetara eta eskubide-berdintasunera pasatu nahi dugu", baieztatu du Fernandez de Garaialdek.

Mónica Doménech
(UPN parlamentu-taldea) kritiko agertu da "arrazoi ideologikoengatiko gizarte bereizkeria eta bazterkeria" direla eta. Esan duenez, horixe dakar EH Bilduk ordezkatzen duen nazionalismoak, eta "ez da aniztasuna, baizik eta homogeneizatzea eta ez integratzea".

Virginia Alemán
ek (Geroa Bai parlamentu-taldea) etorkinen ekarpenak "aberasgarriak" direla azpimarratu du. "Etorkinek gainerako nafarren zerbitzu eta prestazio berak jaso behar dituzte", erantsi du.

Rubén Velasco
(Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) bat etorri da esatean beharrezkoa dela arlo horretan lan egitea, eta Estatu osoan bere taldeak aldarrikatzen dituen ekimenak aipatu ditu; besteak beste, Migrazio Politiketarako Estatu Idazkaritza sortzea, eta Tratu berdintasunerako eta bizikidetasunaren eta bereizkeriarik ezaren sustapenerako Legea egitea. Nolanahi ere, ezin da benetako bizikidetasunik egon pertsona horiek legez kanpokotzat jotzen badira".

Inmaculada Jurio
k (PSN parlamentu-taldea) deitoratu egin du galdegileak euskarari egindako aipamena, eta adierazi du etorkinen kolektiboan ez dagoela "eskaririk". Horren erakusgarri, eskola-ume kanpotarren % 90 eskola publikoetara doaz "eta ez dute, egia esan, euskara aukeratzen" .

Ana Beltrán
ek (PPNko foru parlamentarien elkartea), UPNrekin bat etorriz, esan du EH Bilduk ez duela "batere zilegitasunik jabeldura hori aurkezteko, besteri eskatzeko berek ematen ez dutena. Bestelako tratua eskatzen dugu Nafarroatik alde egin duten horientzat, ETAk hemen pertsegitu dituelako" edo beketan Nafarroako Unibertsitateko ikasleentzat ere "aukera berdintasuna" eskatu dutelako.