Publicada el Donnerstag, 3 de November de 2016

Premiatzen da terrorismoaren Biktimen Legean jasotako bizikidetzako hezkuntza programa martxan jar dezan

40 urtetan zehar gertatutakoaren kontakizun argi eta garbi zehatza egitearen garrantzia azpimarratzen da, ETAk eragindako sufrimendu zuritzeko aukerarik ez emateko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur, UPN, Geroa Bai, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin, Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin eta EH Bilduren aurkako botoarekin, Nafarroako Gobernua premiatzen duena “hezkuntza programa bat presta dezan, terrorismoaren aurkako bizikidetasun baketsu eta demokratikoaren balioak jaso eta islatuko dituena eta gazteak kontzientziatuko dituena hitzak duen balioari buruz, ideia demokratikoak aldezteko bitarteko eta modua den aldetik”.


Programa hori Hezkuntza Departamentuaren bidez garatu behar da, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko apirilaren 28ko 8/2010 Foru Legea betetzeko. “Nafarroako ikastetxe publiko eta itunduetan ezarriko da, eta ikastetxe pribatuei ere eskainiko zaie”.


PPNko foru parlamentarien elkarteak sustatu eta I-Ek zuzendutako erabaki horren zioen azalpenean gogora ekartzen da Terrorismoaren Biktimen Legea, non Hezkuntza Departamentuari agintzen zaion programa bat hedatzeko, “ikastetxe guztiek, publikoek eta itunduek, urtean behin eman beharko dutena”, eta, itxuraz ekimen hori gauzatzen ari ez denez, azpimarratzen da garrantzitsua dela “kontakizun argi eta zehatz bat egitea, Nafarroan eta Espainian 40 urtetan zehar pairatutakoari buruzkoa, ETAk eragindako sufrimendua zuritzeko aukerarik ez uzteko eta biktimen memoria ez okertzeko”.


www.nafarroakoparlamentua.eus
Mozioa (127. NPAO, 2016-11-02koa)