Publicada el Donnerstag, 29 de September de 2016

Nafarroako Parlamentuak Konstituzio Auzitegiaren epaia arbuiatu eta 8/2013 Legearen aldeko konpromisoa berretsi du

Legebiltzarrak dio Nafarroak biztanle guztiei osasun-laguntza publiko eta unibertsala bermatzeko eskubidea duela, inolako esku-sartzerik gabe eta pertsonen administrazio-egoera gorabehera

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi duen erabaki batean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, eta UPN eta PPNren aurkako botoekin, Legebiltzarrak “erabat arbuiatzen du Konstituzio Auzitegiaren epaia, eta bere konpromisoa berresten du, 8/2013 Legea eta pertsona guztiek osasun publiko eta unibertsala izateko eskubidea defendatzekoa, eta adierazten du eskubide hori betetzea ezin dela egon inolako testuinguru ekonomikoren baldintzapean”.

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, bestalde, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “16/2012 Errege Dekretua berehala indargabetu dezan eta inor bereizi ez dezan haren administrazio-, gizarte- edo lan-egoeragatik”.

Jada hirugarren atalean, Foru Gobernua premiatzen da “inolako esku-sartzerik onar ez dezan eta Nafarroan bizi diren guztiei doako osasun-laguntza unibertsala bermatzen jarrai dezan”.

EH Bildu parlamentu-taldeak bultzatutako erabakiak, zioen azalpenean, ezbaian jartzen du Konstituzio Auzitegiak atzera bota izana Nafarroako Parlamentuak 16/2012 Errege Dekretuaren aurka jarritako errekurtsoa —dekretu horrek osasun-txartela kendu zien administrazio-egoera irregularreko pertsonei, beste neurri batzuen artean—, eta ohartarazten du epaiak “arriskuan” jartzen duela 8/2013 Foru Legea, “Nafarroan bizi diren guztiei doako osasun-laguntza unibertsalerako eskubidea aitortzen diena, haien administrazio-egoera edozein izanda ere”.

Proposatzaileak gogora dakar Estatuan “aitzindaria” den foru lege horren indarraldia kautelaz eten zela, baina geroago etete hori bertan behera utzi zela hein batean, “gizarte osoaren osasunerako arriskuak ekiditearen komenigarritasunari ezin zaiolako indarrik kendu balizko aurrezpen ekonomiko batengatik”. Argudio horrek “zuzenean egiten dio aurka 16/2012 Errege Dekretua berresten duen epaiari”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (101. NPAO, 2016-09-08koa)