Publicada el Donnerstag, 7 de April de 2016

CANen amaiera ikertuko duen batzordea sortzea onartu da

Geroa Bai, Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren ekimenaren helburua da "Gobernuaren eta Fundazioaren arteko lankidetzarik ezak bideratu gabe utzitako ezbaiak argitzea"

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak CANen amaiera ikertuko duen batzordea sortzeko proposamena onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aldeko botoa eman dute eta UPN eta PPNk aurkakoa.

Hauxe izango da batzordearen xedea: “Nafarroako Kutxak, Nafarroako Kutxaren Enpresa Korporazioak eta harekin lotutako gainerako entitateek egindako jarduketa guztien berri jakitea”. Horrez gainera ahaleginduko da zehazten ea Nafarroako Kutxaren jarduna “beraren sorkuntza-printzipioekin bat etorri den”. Halaber, “CANen suntsipenaren ondoriozko ondarearen egungo egoera zertan den” argitzen ere saiatuko da.

Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek beren ekimenaren ardatza zehaztu dute: “zehatz-mehatz argitu beharra zerk ekarri gaituen gaurko egoerara eta nortzuk diren horren erantzuleak, zeren aurreko legealdiko amaieran aritu zen ikerketa batzordearen lana alferrikakoa izan baitzen sortu ziren zalantza gehienak argitzeko, Fundazioaren eta Nafarroako Gobernuaren lankidetza ezaren erruz”.

Hori dela eta, proposamena aurkeztu dutenek gogorarazi dute Osoko Bilkurak aurreko batzordearen lana itxi zuen ondorioen irizpena errefusatu zuela, UPNk aurkako botoa emanik eta gainerako alderdiak abstenituta (2015-3-26), eta bertan konpromiso hau ezarri zela: “hurrengo legealdian beste ikerketa batzorde bat sortzea”. Bada, gauza bera ezarri zen Foru Gobernua sostengatzen duten alderdiek sinatutako akordio programatikoan ere.

Aurreko ikerketa batzordea, Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Bahitura Etxearen Administrazio Kontseiluko kideen eta zuzendaritzako kargudunen erantzukizunak argitzeko sortu zena, 2015eko urtarrilaren 15ean onetsi zen, Socialistas de Navarra, Bildu, Aralar-Nabai, PPN eta I-E taldeek eta atxiki gabeek aldeko botoa emanik eta UPNk aurkakoa.

Horren aurretik hiru aldiz egin zuten kale ahaleginek: lehenengoa (12-10-26) UPN, SN eta PPNren aurkako botoekin ezetsi zen eta hurrengo biak (2012-12-21 eta 2013-6-14) UPNren eta SNren aurkako botoek zapuztu zituzten. Hiru ekimen horiek Bildu, Aralar-Nabai eta I-E taldeek erregistratu zituzten; atxiki gabeek azkena baino ez zuten aldeztu.