Publicada el Donnerstag, 21 de März de 2013

Nafarroako Gobernua Nafarroako Foru Komunitatea frackingik gabeko lurralde izenda dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNk haren aurka emandako botoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “Nafarroako Foru Komunitatea frackingik gabeko lurralde izenda dezan”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Espainiako Gobernua premiatzen den “uharteko eta erdiuhartetik kanpoko sistema elektrikoen lehiakortasuna handitzera bideratutako Lege proiektuan jasotzen diren neurriak bazter ditzan”. Zehazki, eskatzen da bertan behera uztea “haustura hidraulikorako teknikei dagozkion neurriak, baina baita haiek 1998ko urriaren 7ko Hidrokarburoen sektoreari buruzko Legearen esparruan sartzea ere”.

Era berean eta hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernuak “beste behin ere bere babesa adierazten die kontsumoa murriztean, eraginkortasun energetikoan eta energia berriztagarrietan oinarritutako eredu energetiko iraungarri baterantz bideratutako politikei”.

Azken bi idatz-zati horiek Bildu-k egindako eta ekimenaren titular den I-Ek onetsitako gehitze-zuzenketa baten ondorio dira.

PPNk ordezkatze-zuzenketa bat aurkeztu du, I-Ek onetsi ez duena. Bertan, Espainiako eta Nafarroako Gobernuak premiatzen ziren “Nafarroako Foru Komunitatean hidrokarburoak fracking sistemaren bitartez erauzteko lizentziarik eman ez dezaten, baldin eta proiektuek aldez aurretiko azterlan eta analisi bat ez badute non ondorioztatzen den proiektu horiek ingurumenari, teknikari eta ekonomiari dagokionez iraunkorrak direla”.

Gainera, bi gobernuak premiatzen zituen araubidean behar diren aldaketak egin ditzaten, hartara, “era publikoan eta interneten bidez baimendutako erauzketen zulaketa fluidoak kontsulta” ahal izateko, eta, horretarako, alor horri dagokion guztian “Europan indarrean dagoen araudia” aplika dezaten.

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerrak bultzatutako ebazpenak Kantabria, Errioxa eta Aragoi komunitateek hartutako era dei egiten du. Izan ere, gas ez-konbentzionalak (hidrokarburoak) erauzteko teknika hori “arriskutsua” da, erauzteko lurrazpiko harkaitzak hautsi behar da eta horrek “osasunari eta ingurumenari kalte larriak” eragiten dizkio.

Proposatu duen taldeak, besteak beste, “lurren zein akuiferoen kutsadura eta metano-emisioak” aipatzen ditu eragin kaltegarrien artean.
Horrez gain, Estatu Batuetan eta Britainia Handian “erauzketarekin lotutako arazo ugari” frogatu direla dio, bai eta horiek direla-eta garatutako proiektuak “geldiarazi” dituztela ere. Bestalde, Europako “herrialde gehienak moratoriak eta etendurak ezartzen ari dira” haustura hidraulikoaren garapenari dagokionez.

· www.parlamentodenavarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 18. zk., 2013-02-18koa)