Publicada el Freitag, 23 de März de 2012

Ebazpena onetsi dute zeinaren bidez Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen duen bideak ireki ditzan ETAren amaiera modu eraginkor eta frogagarrian ahalbidetzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPN, SN, PPN eta I-Ek haren alde emandako botoekin, Nabai (7) eta Bildu-k haren kontra emandako botoekin eta Nabai-ren abstentzioarekin (Manu Ayerdi), ebazpena onetsi du gaur zeinaren bidez Ganberak egiaztatzen duen “ETAk jarduera terroristaren behin-betiko amaierari buruz eginiko iragarpena, urriaren 20koa, gizarteak terrorismoaren aurka eta askatasunen alde eginiko mobilizazioaren ondorioa dela, bai eta honakoen ondorioa ere: indar politikoen batasuna, terrorismoaren biktimen lan eredugarria, Zuzenbideko Estatuak legearen aplikazioan izandako irmotasuna, segurtasun indar eta kidegoen jarduera eta nazioarteko lankidetza. Hori guztia ETA erakunde terroristaren aurka demokraziak lortutako garaipenaren ebidentziarik onena da”.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du non, era berean, Espainiako Gobernua premiatzen den “Nafarroako Gobernuarekiko eta Nafarroako indar demokratikoekiko elkarrizketari euts diezaion, eta ekintza-batasunik handiena susta dezan, helburu hauekin: ETAri exijitzea behin betiko eta baldintzarik gabe desegin dadin; terrorismoaren biktimekiko konpromisoa indartzea, oroimena eta egia zaintzeko; duintasuna aldezteko eta indarkeria terrorista pairatu duten pertsona guztiei justizia egiteko; eta Zuzenbideko Estatuaren oinarri diren printzipio eta balioen gainean eraikitako bizikidetasun sozialaren aldeko ahaleginak babestea”.

Era berean, hirugarren atal batean, Gobernu zentrala premiatzen da “legea zorrotz betetzea zaindu dezan eta, kasua bada, antolamendu juridikoaren aurkako jokabide oro jazar dezan, arreta berezia eskainiz printzipio demokratikoen, oinarrizko eskubide eta askatasunen eta herritarren bizikidetasun baketsuaren defentsari”.

Zioen azalpenean, UPN, SN eta PPN Parlamentu-taldeek bultzatutako ebazpenak Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten talde ia guztiek lortutako akordioa kontuan izanda, beharrezkotzat jotzen du Nafarroako Parlamentuak ere iritzia ematea amaiera hori erdiesteko bidean aurrera egiten jarraitzeko beharrari buruz. Hori guztia ETAri baldintzarik gabe desegin dadin behin betiko urratsak egin ditzala exijitu dion “ekintza-batasunari” eta biktimekiko “konpromiso zalantzagabeari” “erakunde-maila emateko” helburuarekin, “terrorismoaren aurka demokraziak lortutako garaipenaren” ondoren, bizikidetasuna bermatzeko “formula egokiena” delakoan.

· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 24. zk., 2012-03-09koa)