Publicada el Montag, 19 de Mai de 2008

Adierazpen instituzionala, Guatemalako goi-ordokiko indigenak babestekoa

Eledunen Batzarrak onetsia

2008ko ekainaren 17an egindako bilkuran, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak ondoko adierazpena onetsi zuen:

“Nafarroako Parlamentuak hoberena opa die herri gisa Guatemalari eta bere herritarrei, eta Guatemalan gehiengoa den herri indigenarenganako babes-adierazpen honen bitartez lagundu nahi du konfiantza areagotzen justizia egin dadin, legea eta indigenen tradizioa uztartuz, askatasun gabezia eta indarkeria pairatzen duten herritarrekin, bereziki emakumeekin.

1996ko Bake Akordioa sinatzearen eta munta handiko erreformak –adibidez, Polizia Nazional Zibila sortzea– ezartzearen ondorioz jaitsi egin zen giza hilketen kopurua, akordio haiek sinatzeak itxaropena piztu baitzuen guatemalarrengan. Gure ustez, orain ere indartzen ahal da itxaropen hori bake akordio horiek abiaraziz gero, batez ere indigenen nortasunari eta eskubideei buruzkoak, oraingoan aukera baitago segurtasuna deszentralizatzeko, tokiko agintari maia tradizionalekin koordinazioa areagotuz eta haienganako elkarrizketa-bideak irekiz.

Orain dela gutxi, NBEren laguntzaz, Zigorgabetasunaren aurkako Nazioarteko Batzordea sortu izana eta Polizia Nazionalari buruzko Lege Organikoaren erreforman eginiko aurrerabideak esperantza-iturri dira herriarentzat. El Salvadorren eta Guatemalaren artean nazio bitako segurtasun indarrak sortzeko akordioen bidez segurtasuna erregionalizatzeak berak aukera ematen du Erdialdeko Amerikan erregio mailako erantzun bat emateko indarkeriari.

Halere, kezkaz ikusten dugu, bizi baldintzei buruzko azken inkesta nazionalaren arabera (ENCOVI 2006), biztanleen % 51 txirotasunean eta % 15,2 txirotasun larrian bizi dela. Giza hilketak % 120 igo dira azken zazpi urteotan, 1999an 2.655 giza hilketa egotetik 2006an 5.885 egotera igaro baita (PNUD 2007). Adierazi nahi dugu ezen, Guatemalako Giza Eskubideen Prokuradoretzaren arabera, 250.000 delitu bakoitzeko 240 ikerketa baino ez direla iristen epaiketara. Aurreko gobernuko lehendakariorde Eduardo Stein-ek adierazi zuenez, landa eremuan ez dago legezko enplegurik, narkotrafikoaren diruarekin lehiatzeko modua ematen duenik, eta horrek Guatemalaren kolonbianizazioa dakar.

Egoera horren jabe egin gara, zoritxarrez, José Miguel Clemente jaunaren aurkako atentatuari esker, baina, kasu hori beste kasu bat baino ez da, Santa María Chiquimula-ko –Totonicapáneko departamentua, Guatemala– nahiz herrialdean zehar sakabanaturiko erkidego indigena ugarietako herritarrek pairatu dituzten atentatuen artean. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du atentatuen biktima guztiekin, justizia eskatzen du, eta adierazpen instituzional hau igortzen dio Guatemalak Espainian duen enbaxadari, eta adierazten du bere desira dela kiché eremuaren barruan jurisprudentzia sor dezan 2838-2007 zenbakiko prozesu judizialak –Totonicapáneko 37-2008 auzialdiko epaitegia–, ministerio publikoak tokiko agintari maia tradizionalekin batera abiaraziak; izan ere, kiché eremuan herritar gehienek ez dute ez babesik, ez baliabiderik ere, legea aplikatzeko. Nafarroako Parlamentuan uste dugu ireki den prozesu horrek erakusten duela ezen legea dela biderik onena legeak betearazteko, eta indarkeria eta lintxamendua saihestu behar direla aurkaria desagerrarazteko modu gisa.

Desira dugu Álvaro Colom Caballeros buru duen Guatemalako Gobernuak Guatemalako herriaren esperantzei erantzun diezaien eta txirotasunaren nahiz txirotasunak dakarren indarkeriaren aurka borroka dezan, eginkizun horretan gure babesa eta Nafarroako Parlamentuarena izanen baitu.”

Iruñean, 2008ko ekainaren 17an

Lehendakaria: Elena Torres Miranda

2008ko maiatzaren 19an egindako bilkuran, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak ondoko adierazpena onetsi zuen:

“1. Nafarroako Parlamentuak, nafar herriaren egiazko ordezkaria den aldetik, Foru Hobetzearen 11. artikuluan ezartzen den moduan, bere interesa adierazten du Eusko Jaurlaritzak Nafarroako Foru Komunitatearen errealitate instituzionala errespeta dezan. Errealitate hori, hain zuzen ere, hauteskundez hauteskunde berretsia izan da, herritarren gehiengoak babesa eman baitie egungo egituraketaren alde dauden alderdi politikoei.

2. Nafarroako Parlamentuak bere interesa adierazten du Nafarroako Gobernuak bere esku dituen zuzenbidezko tresna guztiak baliatuta defenda dezan erkidegoaren egungo errealitate instituzionala, hori delako herritarren gehiengoaren borondatea, hautestontzietan askatasunez eta demokratikoki adierazia.

3. Nafarroako Parlamentuak berriz dio harreman emankor eta adeitsua izan nahi duela Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeekin, bi erkidegoetako herritarrek dituzten harremanen pare. Harreman hori soilik eraiki ahal izanen da nafarren gehiengoaren borondate politikoa errespetatuz eta egungo egituraketa inolako itzulingururik gabe onartuz.